×
×
Red Internacional
lid bot

Milaka pertsonak Iruñea bete dute Altsasuko gazteen askatasunaren alde

Gaur arratsaldean Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteei ezarritako epaiaren aurkako elkarretaratzea izan da Iruñean. 52.000 lagun bildu dira Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean Altsasukoei eta haien familiei elkartasuna adierazteko.

Sábado 26 de octubre de 2019

Orain dela bi aste, Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko auziari buruzko bere epaiaren berri eman zuen; Auzitegi Nazionaletik zetozen zigorrak pixka bat leundu zituen, baina hor geratu zen: zortzi gazteei urte eta erdi eta 9 urte arteko zigorrak ezarri zizkien, taberna batean gertatutako borroka xume bategatik. Sumina sare sozialetaz jabetu zen, eta, berehala, Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek protesta ekitaldi baterako deia egin zuten. Ekitaldi horrek, gaur, urriak 26, Iruñeako kaleak bete ditu.

Eguna Duintasunaren Martxarekin hasi da: goizeko 9:30etan Altsasutik txirrindulari talde bat atera da, eta Nafarroako hiriburuan harrera egin diete txalo eta «Altsasukoak askatu» oihuen artean. Arratsaldean, berriz, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean: tokia nahita aukeratu dute, antolatzaileek adierazi baitute haien seme-alabak han epaitu behar zituztela, eta ez Madrilen.

Izugarrizko jendetza elkartu da; hainbeste, non batzuk plazara sartu gabe geratu behar izan diren. Antolatzaileen kalkuluen arabera, 52.000 lagun bildu dira. Horrek, bozeramaileetako baten esanetan, zera erakusten du, «ez dutela lortu gure herria engainatzen».

Altsasukoak Aske plataformatik, epaiaren injustizia salatu dute eta herri katalanari haien elkartasuna adierazi diete (jendetzan esteladaren bat edo beste ikusi dira), eta, Altsasu Gurasoak plataformatik, justizia eta demokraziaren alde borrokatzen jarraitzeko beharraz mintzatu dira, «kalean eta beharrezkoa den lekuan».

Iturria: Berria.